IRRIAren 128. zenbakian beldurrez hitz egin dugu. Eta, horretarako Karmele Jaioren, Putz egin eta ikusiko duzu ipuina ekarri dugu.
Jolas polit bat proposatzen digu ipuin honetan: egin putz puxika batean, eta ea zer irteten den. Askatu zure beldurrak, ikusi nolakoak diren eta eraman zurekin. Guk hemen, beste jolas bat proposatzen dizugu ipuin horretako pertsonaiekin: txotxongiloak egin eta, itzal eta argiekin jolastuz, antzerki bat egin.
Txotxongiloekin jolastuz eta antzerki txikiak eginez, haurrak hegan jartzen du bere sormena; istorioak asmatzen ditu, eta forma ematen dio irudimenari eta bere barneko emozioei modu erakargarri eta deigarri batean. Moztu, marraztu, hitzak jarri, mugimendua eman… txotxongiloak jolas sinbolikorako tresna perfektua dira!
Zer beharko duzu?
- Pertsonaien irudiak (PDFan dituzu)
- Guraizeak
- Makilak edo lastotxoak
- Kola edo zinta itsasgarria
- Argia emateko linterna edo antzekoren bat
Nola egin?
Moztu irudiak, eta itsatsi makila edo lastotxo bat, kola edo zinta itsasgarriarekin.
Gela ilun batean, jarri pareta baten aurrean, eta piztu argi bat txotxongiloen atzean; haien itzalak islatuko dira paretan. Jolastu txotxongiloak mugituz, ikusi nola aldatzen diren tamainaz, aurrera eta atzera ekartzen ditugunean…
Behin txotxongiloekin hasita, modu askotara jolastu daiteke itzalekin. Eskuekin formak eginez, gorputzarekin, kartoizko bestelako figurekin, panpinekin, koloretako paperekin…
Itzalekin jokatuz, istorio dibertigarriak asma ditzakete haurrek, eta beren irudimena eta beldurrak askatasunez adierazi.
Putz egin eta ikusiko duzu beldurra lantzeko album ilustratua da, KUKU! emozio-programaren barnean. Hari buruz gehiago jakin nahi baduzu, jo Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeko webgunera.