Koloreak esnetan dantzan

Asko gustatzen zaigu zientzia, badakizu, eta bereziki emaitza ikusgarri eta koloretsuak ematen baditu. Hemen proposatzen dizugun esperimentua oso erraza da haurrekin egiteko. Koloreak esnetan dantzan deitu diogu, horixe egingo baitugu, koloreak esnetara bota, ea zer gertatzen ote den.

Hau behar duzu:

  • ontzi sakon bat (plater bat izan daiteke)
  • esnea (osoa)
  • elikagai-koloratzaile likidoak, hiru kolore desberdin (supermerkatuetan topatuko dituzue)
  • ontziak garbitzeko xaboi likidoa
  • kotoi-zotza

Nola egin?

  1. Bete ontzia esnez.
  2. Jarri koloratzaile bakoitzetik bi tanta esnetan, plateraren ertzetan.
  3. Busti kotoi-zotza xaboian, eta sartu esnetan, plateraren erdian.
  4. Mugitu kotoi-zotza poliki, alde batera eta bestera. Busti xaboi gehiagorekin eta sartu koloreetan… Ikusi zer gertatzen den!

Zergatik gertatu da hori?

Esneak gantza dauka, eta, xaboia botatzen dugunean, honek esnearen gantza desegiten du. Desegitean, mugitu egiten da, eta berarekin eramaten ditu koloreak batetik bestera.

Scroll to Top