IRRIAren 123. alean zomorroekin gora eta behera gabiltza, eta horiexek baliatuko ditugu jolas dibertigarri bat egiteko.
Oka moduko jolas honetarako, bi lagun beharko dira gutxienez, eta, hortik gora, nahi dituzuenak.
Txandaka dadoa botaz, eta nork bere fitxarekin gelaxkaz gelaxka salto eginez, ea nor iritsi aurrena amaierara!
Gisa honetako jolas guztiek bezala, badaude gelaxka batzuk bidean azkarrago joaten lagunduko digutenak, eta beste batzuk traba egingo digutenak, edota berriz hasierara itzularazi.
Baina badaude bestelakoak ere. Mahai baten inguruan eserita jolastea aspergarri egiten bazaizu, lasai, jolas honek mugiaraziko zaitu. Hainbat gelaxkatan, aginduak ematen zaizkigu, eta horiek bete behar ditugu, jakina, aurrera jarraitu ahal izateko.
Egin salto handia, egin liztorraren hotsa, ziztatu zure ondokoa eltxo baten moduan, irrist egin bareak bezala, kamuflatu zaitez intsektu-makila bezala, kiribildu kukurutxak bezala…
Gelaxka horietara eroritakoan, haurrak esandakoa egin beharko du, zutitu eta mugimenduan jarri, mimika egin…
Jolas honek, beraz, gauza asko aktibatuko ditu haurrengan. Arauak errespetatzen ikasiko dute, memoria eta obserbazioa landu, irudimena, memoria, matematika-trebetasunak, psikomotrizitatea…
Baina, jakina, jolas guztietan bezala, helburu nagusia hauxe da, dibertitzea!