Inauteriak direla eta, IRRIAren 132. zenbakiak mozorroen gaia dakar. Eta, haurrentzako ez dagoenez mozorrotzea baino jolas hoberik, horretarako aukera emango dien jolas bat proposatzen dugu.
Oka moduko jolas honetarako, bi lagun beharko dira gutxienez, eta, hortik gora, nahi dituzuenak.
Txandaka dadoa botaz, eta nork bere fitxarekin gelaxkaz gelaxka salto eginez, ea nor iritsi aurrena amaierara!
Gisa honetako jolas guztiek bezala, badaude gelaxka batzuk bidean azkarrago joaten lagunduko digutenak, eta beste batzuk traba egingo digutenak, edota berriz hasierara itzularazi.
Baina badaude bestelakoak ere. Mahai baten inguruan eserita jolastea aspergarri egiten bazaizu, lasai, jolas honek mahaitik altxatu eta mugiaraziko zaituzte. Izan ere, hainbat gelaxkatan, aginduak ematen zaizkigu, eta horiek bete behar ditugu, jakina, aurrera jarraitu ahal izateko
Margotu sudur gorria zure ondokoari!; mamua zara, jarri izara edo oihal bat; margotu Porrotxen bibotea; ibili pinguino bat bezala…
Gelaxka horietara eroritakoan, haurrak esandakoa egin beharko duzu, zutitu eta mugimenduan jarri, mimika egin…
Jolas honek, beraz, gauza asko aktibatuko ditu haurrengan. Arauak errespetatzen ikasiko dute, memoria eta obserbazioa landu, irudimena, memoria, matematika-trebetasunak, psikomotrizitatea…
Baina, jakina, jolas guztietan bezala, helburu nagusia hauxe da, dibertitzea!