Musika gorputzarekin

Musika egiteko, ez dira beti ahots ederrak eta musika-tresnak behar. Gure gorputzarekin ere musika egin daiteke. Eskuekin, oinekin, edota ahoarekin hotsak eginez… gorputz perkusioa esaten zaio. Izan ere, gure gorputza musika eta dantza egiteko musika-tresna bat da, eta aukera ugari ematen dizkigu haurrekin jarduera pedagokikoak nahiz ludikoak egiteko. Haurrekin, eta helduekin ere, jakina.

IRRIAren 127. zenbakian, musika dugu gaia, eta gorputzarekin perkusio-jolas bat egiteko proposamena ekartzen dizuegu.

Perkusio-jolas honek haurraren sormena eta motibazioa piztuko du zalantzarik gabe. Haren kontzentrazioa eskatuko du, eta, oharkabean, lantzen arituko da motrizitatea, memoria, erritmoa, lateralitatea…

Jolasteko modu bat baino gehiago egon daiteke.

1
Banan banan, bakoitza bere txandan, gelaxka batetik bestera joan, bertan eskatzen den soinua eginez. Poliki hasi gaitezke, nor bere erritmoan, eta, konfiantza hartu ahala, erritmoa azkartzen joan, gero eta azkarrago, gero eta azkarrago…

2
Dado batekin ere jolastu daiteke. Gelaxka bakoitzera iritsitakoan, bota dadoa, eta egin soinu hori dadoak markatzen duen adina bider. Horrekin beste elementu bat eransten ari gara: kontzientzia numerikoa.

3
Jokalariak banaka jardun ordez, taldeka ere egin daiteke, denek batera soinuak eginez. Horrek eskatuko du denak ados jartzea, noiz hasi, zer erritmorekin, zer indarrarekin…, elkarri jarraitzea, elkar errespetatzea… ez da erraza izango, baina dibertigarria seguru baietz!

Scroll to Top