Musika margotu

IRRIAren 127. zenbakian musikari buruz jardun gara. Musika ipuinetan, musika jolasetan… Eta jolas horietako bat ekarri dugu hona, musika, emozioak eta grafomotrizitatea batzen dituena.

Izan ere, musikak emozioak sentiarazten dizkigu: poza, tristura, beldurra… Batzuetan, dantzan eta saltoka jartzen gaitu, beste batzuetan, kantu eta oihuka… Bestetan, lasai eta geldi entzutera gonbidatzen gaitu…

Jolas honetan, entzuten duten musika marrazten jarriko ditugu haurrak (helduek ere jolastu dezakete, jakina). Bi kantu proposatzen ditugu (egokia ikusten dugun edozein kanturekin egin daiteke). Batekin hasiko gara: entzun, eta musika hori irudikatzen saiatu. Zer ikusten duzu? Nolako formak imajinatzen dituzu? Nolako koloreak?

Margoak hartuta (edozein margo, pintzelak, behatzak pinturatan bustita…) musikak aditzera ematen diena margotuko dute. Nahi dituzten marrazki, zirriborro eta zipriztinak, dena zilegi da.

Entzun Urmaelean

Entzun Badator!

“Urmaelean” eta “Badator” kantuak Xabier Zebiriok konposatutako doinuak dira. Kantu hauek Emozioak dantzan bildumako parte dira, KUKU! emozio-programaren barnean (Ikaselkar hezkuntza-argitaletxea). Bilduma honek sei kanta biltzen ditu, oinarrizko sei emozioak oinarri hartuta. Sei doinu, haur txikienekin emozioak sentitzen eta lantzen lagunduko digutenak: poza, beldurra, nazka, haserrea, sorpresa, tristura.

Xabier Zeberioren doinuek, Alos Quartet taldeko musikarien laguntzarekin, gure barneko emozioekin konektatzen dute, eta bide ematen digute horiei buruz hausnartzeko, kanporatzeko, eta nork bere modura libreki sentitzeko eta adierazteko: egin dantza, mugitu, salto edo oihu, jolastu, marraztu… edota entzun arretaz geldi-geldi.

Kanta bakoitza emozio baten inguruan ardazten bada ere, horien interpretazioa erabat irekia eta librea da; nork bere modura sentituko ditu, eta nork bere bidaia propioa egin ahalko du emozio batetik bestera salto eginez, izan ere emozioak ez doaz inoiz bakarrik.

Doinu hauek Haur Hezkuntzako haurrekin lantzeko helburuarekin sortuak izan dira, baina, jakina, edozein adinetako haur, gazte nahiz heldurentzako guztiz aproposak dira, musikak ez baitauka adinik, eta emozioek ere ez.

Bilduma honetako abestiak:
1 Badator
2 Aitonaren tailer zaharrean
3 Urmaelean
4 Itsas azpian
5 Urrutira begira
6 Gauerdiko ulua

Scroll to Top