IRRIAren 121. zenbakian, ipuinak izan ditugu hizpide, ipuin klasikoak, betikoak. KATTA ETA LAGUNEN Bilera istorioan, Gaxuxa azeria izan dugu protagonista, eta Otsokorekin topo egin du bidean, Txanogorritxoren moduan.
Istorio horren harira, bi pertsonaia horien txotxongiloak proposatzen dizkizuegu. Haurrak txantiloiak margotu beharko ditu, moztu, hitzak jarri, mugimendua eman…
IRRIAn oso gustuko ditugu txotxongiloak. Horiekin jolastuz eta antzerkiak eginez, haurrak hegan jartzen du bere sormena: istorioak erreproduzitzen ditu, istorio berriak asmatzen, eta hitzak jartzen dizkie bere irudimenari eta emozioei.
Jolas sinbolikorako tresna perfektua dira txotxongiloak. Izan ere lagundu egiten die beste baten azalean jartzen, beste baten ahotsa izaten, eta horrek enpatia eta desinhibizioa dakar.
Zer beharko duzu?
- Pertsonaien txantiloiak
- Margoak
- Arkatza
- Guraizeak
- Makilatxoak edo lastotxoak
- Kola, zinta itsasgarria
- Kartoizko kaxa bat (zapata-kaxa izan daiteke)
Nola egin?
- Koloreztatu Gaxuxa eta Otsoko, eta moztu.
Itsatsi pertsonaiak makila edo lastotxo batean, zinta itsasgarriarekin.
Antzerki-kutxa egiteko…
Marraztu arkatzaz leiho handi bat kaxaren tapan (1,5 cm-ko markoa utziz, adibidez), eta moztu soilik hiru alde, goitik behera irekitzeko moduan geratzeko, argazkian ikusten duzun bezala.
Seguruenik kuter baten laguntzarekin egin beharko duzu, beraz, hobe lan hau heldu baten esku uzten badugu. Gorde tapa gerorako.
Marraztu arkatzaz lerro zabal bat kutxaren alde luzeenean, eta moztu. Bertatik sartuko ditugu txotxongiloak.
Apaindu kutxaren kanpoaldea nahi duzun moduan: koloretako margoekin, paperak itsatsiz…
Barrualdea ere apaindu: marrazki bat eginez, paper edo kartoi-meheez egindako irudiak itsatsiz… Guk, ipuinaren istorioari jarraituz, basoa egin dugu, eta paper berdea eta hostoak jarri dizkiogu taparen barrualdean.
Jarri tapa eta ireki leihoa. Sartu txotxongiloak goiko zulotik, eta…