IRRIAren 126. zenbakian udara da, eta bero egiten du. Jolaserako garaia da, eta bidaiatzeko, marrazteko, eskulanak egiteko, esperimentuak egiteko… Izango dugu, beraz, zer kontatu lagun eta senideei, eta, horretarako, hemen dugu aukera bat: postalak bidaltzea.
Telefono mugikor, whatsapp eta posta elektronikoz komunikatzen garen garai honetan, haur askori seguruenik erabat arrotza izango zaie zer den postal bat bidaltzea. Izan ere prozesu luzea da: postalean idatzi, gutun-azal batean sartu (aukeran), helbidea idatzi, zigilua erosi eta itsasi, postontzi batean sartu… eta itxaron, batez ere itxaron!
Gure postal hauek Ane Arzelus ilustratzailearen marrazkiak dauzkate, txuri-beltzean, hortaz, nahi duten moduan margotu ahalko dituzte, moztu, eta idatzi atzealdean.