Iñigo Astiz eta Leire Salaberriaren ipuin berri honek inurriak ditu istorioaren pronagonistak, eta kirola dute gaia, edo eztabaida gaia, hobeto esanda. Ados jarri ezinik ikusten ditugu, zer kirol egin ezin erabaki; batak rugbian jokatu nahi, besteak tenisean, edota boxeoan, igeriketan… Zenbat kirol ikusten ditugu?
Eta, haserrea zenbat eta handiagoa, orduan eta gorriago! Inurri beltzak inuri gorri bihurtu dira.
Baina badago besteetatik bereizten den inurri bat, txamarra eta bota horiak dauzkana (Mireia neskatoak bezala!). Hura konturatuko da, eta abisua emango die besteei: korrika alde egin beharra dute, arriskua gainean dute eta.
Amaieran ikuspegia oso bestelakoa da. Mireia eta laguna baloiarekin jolasean daudela, inurriak txiki-txiki ikusten ditugu. Gizakion ikuspegia da oraingoa: inurriak tanta gorri txiki batzuk baino ez dira, denak berdinak, elkarrengandik bereizten ez direla, ez aurpegirik, ez jantzirik, ez emoziorik.
Bi haurrak dituzte gainean, eta baloia, denak zanpatzeko prest, ia ikusezinak direlako haientzat. Izan ere, hala da, batzuk gainetik daude beti; eta beste batzuk azpitik.
Eta, kiroletan ere, guztien gainetik dagoen kirol bat dagoela dio narratzaileak: futbola! Hala al da? Berdin pentsatzen duzue? Zergatik esango du hori?
Pentsatu dezagun orain eskolako patioan eta jolas-orduan: zein da gehien ikusten den jolasa? Zein da patioaren espazio handiena hartzen duen jolasa? Zer egiten dute gainerako haurrek?… Horiek ez al dira ba, inurri txiki baten moduan sentituko?
Ipuin honetako protagonistak Haserrea album ilustratuan ezagutu genituen lehen aldiz, Iñigo Astizek idatzi eta Leire Salaberriak ilustratua hura ere. Haserrea, izenburuak dioen bezala, haserrea lantzen lagunduko digun album ilustratua da, KUKU! emozio-programaren barnean. Hari buruz gehiago jakiteko, jo Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeko webgunera.