Dinosauro kutxa

IRRIAren 131. zenbakian, dinosauroez aritu gara. Dinosauroekin jolastu gara eta dinosauroen istorioak irakurri ditugu, horien artean, Manex mutikoaren ipuina, “Dinosauroen liburu magikoa”. Istorioa gustatu bazaizu, eskulan honekin jarraipena eman ahalko diezu Manexen abenturei, eta nahi dituzun istorioak asmatu.

Zer beharko duzu?

  • Pertsonaien irudiak (behean topatuko dituzu)
  • Kutxa apaintzeko ilustrazioa, edo koloretako paperak
  • Kola
  • Guraizeak
  • Kartoizko kaxa bat

Nola egin?

Moztu dinosauroen eta Manexen irudiak, eta tolestu markatuta dagoen lekutik.
Eman kola barrualdean eta tolestu bi aldeak. Panpinak zutik geratu behar du.

Hartu kartoizko kutxa eta apaindu gustukoen duzun bezala. Koloretako paperak eta kartulinak erabil ditzakezu, eta zeuk moztu eta itsatsi kaxaren fondoan, paretetan, zoruan… nahi duzun paisaia sortuz.

Nahiago baduzu, ipuinaren ilustrazioa erabil dezakezu; txantiloiekin batera topatuko duzu. Moztu, eta kaxaren fondoan itsatsi. Guk ilustrazioaren beste bi kopia egin ditugu, landaretza moztu dugu, eta plano desberdinak sortu ditugu, kutxari sakontasuna emateko.

Haurraren adinaren eta trebetasunaren arabera egokitu dezakegun eskulana da. Papera eta kartulinez gain, plastilina edo bururatzen zaizuen edozein material erabili dezakezue, edota haurrak nahi dituen panpinatxoak ere.

Haurrak kutxa sortzen entretenituko dira, eta, gero, balioko die jolasteko, istorioak asmatzeko eta kontatzeko. Irudimenean dago muga.

Scroll to Top