Emozioak identifikatzen eta kudeatzen ikasteko jolasa
Bederatzi txartel hauek, Idoia eta lagunaren irudiak jasotzen dira, haien aurpegi-espresioak, hainbat jarrera eta emozio intentsitate edo gradu desberdinetan: poza, alaitasuna, lasaitasuna, tristura, beldurra, sorpresa…
Fitxak moztu, eta, bakarka nahiz taldean, hainbat jolas eta lanketa egiteko aukera ematen digute; jolasten, emozioak identifikatuko dituzte, izendatu, istorioak sortu…
Jolasaren bitartez, haurrak bere garapen psikologikoaren hainbat alderdi landuko ditu:
- Espresioak, keinuak, sentimenduak eta emozioak identifikatu.
- Keinu eta espresioak imitatu.
- Emozio eta sentimenduei buruzko hiztegia zabaldu.
- Irudiak identifikatu, multzokatu, sailkatu, sekuentziatu.
- Atentzioa eta obserbazioa garatu.
Nola jolastu daiteke?
EMOZIOEN ADIERAZPENAK IDENTIFIKATZEN
- Fitxa bat hartu eta identifikatu zer emozio adierazten duen: zer egiten du neskatoak? Nola dago? Nolako aurpegia dauka? Nola sentitzen da?
- Hipotesiak eginez, imajinatu zer gertatu ote zaion horrela sentitzeko.
- Hartutako fitxako espresioa mimikaz imitatu, ondokoek asmatu dezaten.
- Deskribatu imitatzen ari den emozioaren espresioa: nola dauka ahoa, begiak, burua, gorputza?
- Elkartu emozio bera adieraz dezaketen fitxak, emozio beraren aldaerak direnak.
- Marraztu hartutako txartelaren irudia eta emozioa.
- Hartu txartel bat, eta, zer emozio den aipatu gabe, lotu bizi izan duen egoera batekin, modu horretan sentiarazi duen gertakari batekin.
ISTORIOAK ASMATZEN
- Hartu bi edo hiru txartel (haurrak hautatuta, edo begiratu gabe egokitu zaizkionak) eta, sekuentziei jarraituz, asmatu istorio bat.
- Marraztu asmatutako istorioa, irudi bakarrean edo sekuentzietan.
Jolas honetarako, IRRIA aldizkariko istorioetako irudiak baliatu ditugu, baina gauza bera egin liteke bestelako irudiekin ere; eskura dauzkagun argazki eta ilustrazioak bildu ditzakegu, eta era guztietako emozio eta espresioekin osatu gure bilduma: haserrea, nazka, lotsa, etsipena, maitasuna…
Irudi hauetako protagonistak Tristura album ilustratuan ezagutu genituen lehen aldiz, eta, ondoren, IRRIA aldizkarian irakurri ahal izan ditugu haien istorioak. Joseba Sarrionandiak idatzi eta Irrimarrak ilustratutako istorio hauek KUKU! emozio-programaren barnean kokatzen dira.
Tristura, Ikaselkar, 2021