IRRIAren 136. zenbakian kirola izan dugu gaia. Kirola jolasa da, eta jolastuz kirola ere egiten dugu. Horixe da joko honen helburua: gorputza mugimenduan jartzea eta dibertitzea.
Jolas honetarako, bi lagun beharko dira gutxienez, eta, hortik gora, nahi dituzuenak.
Dadoa botaz, jokalaria gelaxkaz gelaxka joango da, eta horietako bakoitzean eroritakoan, eskatzen zaiona egin beharko du aurrera jarraitu ahal izateko.
Hartu arnasa sakon, zenbatu 6 arte eskuineko hanka gainean, egin txiribuelta lurrean, egin 3 jauzi handi, zoaz saltoka igelak bezala, egin kobraren jarrera…
Haur txikiek egiteko moduko kirol ariketak dira, bai eta yoga jarrera batzuk ere, adinaren arabera egokitu litezkeenak. Horiek eginez, hainbat kontzeptu lantzen arituko gara, modu ludiko batean betiere: kontzentrazioa, oreka, malgutasuna, indarra, erlaxazioa…
Jolaserako jarraibideak irekiak dira, nork bere gisara egokitu ditzake. Guri bi aukera bururatzen zaizkigu.
Bakarka jolastu daiteke. Ohiko jolasen moduan, jokalari bakoitzak bere dadoa botako du, egokitu zaion zenbakiaren araberako pausoak eman, eta eskatzen zaion ariketa egin. Helmugara iristen lehenak irabaziko du.
Taldeka ere jolastu daiteke. Dadoa heldu batek bota dezake, edo aldian-aldian haur batek, eta gelaxkan eskatzen den ariketa egingo dute denek batera, taldean. Adinaren eta gaitasunaren arabera, batzuek erraz egingo dute, beste batzuek zailtasun gehiagorekin, batzuk denbora luzez mantenduko dira, beste batzuk erori… Ez dio axolarik! Denek ariketa egindakoan, dadoa botako da hurrengoari ekiteko. Amaierara iritsita, denak izango dira txapeldun.
Dadorik gabe ere jokatu liteke, gelaxka guztietatik pasatuz eta ariketa guztiak eginez.