Lur, Maddi eta Izaro lagunen istorio berri bat dugu hemen, Peru Magdalena eta Mikel Valverderen eskutik.
Hiru neskatoak gehien maite duten jolasean ari dira beste behin, belar, adar eta lur artean. Lurri, ordea, ezinegona sortu zaio. Zer du, bada? Zer ikusi du? Lagunek ere ez dute ulertzen; “bokata”, “bokata”… zertara dator hori?
Amaieran ulertuko dute, ulertuko dugu, goragaleari eutsi ezinik zebilela, baina berandu…
Nazkatasuna ipuinean dagoeneko esan zigun Lurrek brokoliak sekulako nazka ematen ziola! Eta hemen dago berriz ere brokolia, bere jolasaldia zapuzten…
Badakigu nazka oso emozio subjektiboa dela; denoi ez digute gauza berdinek nazka ematen, denok ez dugu berdin sentitzen. Baina, baldin badago zerbait, den-denori nazka ikaragarria ematen diguna, zera da, botaka parrasta!
Lur, Maddi eta Izaro neskato hirukotea Nazkatasuna album ilustratuan ezagutu genuen lehen aldiz, Peru Magdalenak idatzi eta Mikel Valverdek ilustratua hura ere. Nazkatasuna, izenburuak iradokitzen digun bezala, nazka emozioa lantzeko album ilustratua da, KUKU! emozio-programaren barnean. Hari buruz gehiago jakin nahi baduzu, jo Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeko webgunera.