Lur, Maddi eta Izaro neskato hirukoteak zer pentsatu eta zer eztabaidatu ematen digu ipuin honekin. Peru Magdalenaren testuak eta Mikel Valverderen ilustrazioek, nazkari buruz hausnartzen jartzen gaituzte. Izan ere, zer da nazka? Noiz sentitzen dugu nazka? Denoi gauza berak ematen al digu nazka? Denok sentitzen al dugu berdin?

Neskatoak zoriontsuak dira naturan jolasten, makila, belar eta buztin artean; zomorroetan edertasuna ikusten dute. Zomorroen begietara, berriz, neskak munstro zatar eta nazkagarri batzuk baino ez dira. Eta irakaslearen begirada, azkenik, zoritxarrez helduongan ohikoa izaten den begirada da: jolas, dibertsio eta esperimentazio momentu batean, zikinkeria eta arriskua baino ikusten ez duena.

Istorioaren muinarekin ez ezik, ilustrazioei begira ere galdera ugari egin daitezke. Testuek eta marrazkiek norberaren ikuspegi desberdin eta kontrajarriak uzten dituzte agerian: haurrena, helduena, zomorroena… Batzuetan zikin ikusten ditugu, bestetan garbi eta txukun… segun eta noren ikuspegitik ari garen. Hau da, norberaren begietan dago garbitasuna eta zikintasuna. Halaxe dio Peru Magdalenak Nazkatasuna ipuinean:

Horixe baita nazkatasuna: bakotzari nazka zerk ematen dion sentitzeko askatasuna.


Pertsonaia hauek Nazkatasuna album ilustratuan topatuko dituzue, Peru Magdalenak idatzi eta Mikel Valverdek ilustratua hura ere. Nazkatasuna, izenburuak iradokitzen digun bezala, nazka emozioa lantzeko album ilustratua da, KUKU! emozio-programaren barnean. Hari buruz gehiago jakin nahi baduzu, jo Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeko webgunera.

123 zenbakia

Zomorroak

iRRiA 123 - ZOMORROAK

Azken komikiak

Scroll to Top