Entzun ipuina
Biguna ala gogorra Joseba Sarrionandiak eta Irrimarrak IRRIA aldizkarirako idatzi eta ilustratutako ipuina da. Haurren emozioei buruz hausnartzeko eta hitz egiteko aukera ematen digu ipuin honek. Haurrekin batera ipuina irakurri, entzun, eta ilustrazioei begiratzeaz gain, emozioetan jarriko dugu arreta.
1
Ipuin honetako protagonista neskato sentibera eta goibel samarra da. Erreparatu diezaiogun haren gorputzaren jarrerari, haren aurpegiari. Bi emozio identifikatuko ditugu berehala: TRISTURA eta POZA. Nola dakigu hori? Zerk ematen digu horretarako pista? Begiratu begiei, bekainei, ahoari, bai eta gorputzaren jarrerari ere, uzkurtuta lehenik, eta zabal eta gogotsu ondoren.
Ilustrazioetako elementuek eta koloreek ere emozioen berri ematen digute. Idoiaren jantzia zuria eta malkoz betea da hasieran; malkoek soldadutxoa zipriztintzen dute, euri-tanten moduan. Haurraren aldartea aldatu ahala, berriz, malkoak astintzen dira eta jantzia kolore biziz betetzen.
2
Neskatoarengan ikusten ditugun bi gorputz-jarrera horiek (egoteko eta bizitzeko gorputz jarrerak) jolas polit baterako oinarri izan daitezke. Animatzen al zara zure txikiarekin jolastera?
Ariketa/jolas honek tentsioa askatzen lagunduko digu. Halaber, gure gorputzaren kontzientzia hartzeko balioko digu.
- Zutik edo etzanda, askatu gorputza, mugitu, luzatu, sentitu, eta hartu arnasa sakon.
- “Gogortu” esaten dugunean, estutu gorputza indar guztiekin, gogor-gogor: hortzak, giharrak, eskuak, sabelaldea, bai eta uzkia ere.
- Eutsi arnasari tarte batean, eta, “bigundu” esaten dugunean, askatu tentsio guztia, eta hartu arnasa sakon
- Errepikatu lauzpabost bider.
Ipuin honetako protagonista Tristura album ilustratuan ezagutu genuen lehen aldiz, Joseba Sarrionandiak idatzi eta Irrimarrak ilustratua hura ere. Tristura, izenburuak dioen bezala, tristura lantzeko album ilustratua da, KUKU! emozio-programaren barnean. Hari buruz gehiago jakiteko, jo Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeko webgunera.