KUKU! atalean, Amelia neskatoaren istorioa dakarkigu Maite Mutuberriak, “Ilargi zapore”. Ametsak eta irudimena nahasten dira ipuin honetan. Izan ere, nork ez du amestu ilargira begira? Hainbeste istorio eta irudi datozkigu ilargira begira…! Ameliak ere, oso gustuko duen gauza batekin lotu du ilargia: izozkiarekin, biribil-biribila, hotz-hotza hura ere.

Jolas polita da hori, inguruan dauzkagun gauzei beste begirada batez begiratzea, antzekotasunak bilatzea, metafora eroak sortzea… Saia zaitezte zuek ere. Ilargia gazta bat da ere, zergatik ez, edo gaileta bat, edo bonbila erraldoi bat gauez piztu eta egunez itzaltzen dena…! Eta, ideia horietako bakoitzetik tiraka, istorio bat asmatu liteke.

Amelia, astronauta bihurturik, ilargirantz abiatzen da bere kohetean. Ez doa bakarrik ordea. Arretaz begiratzen badugu, badauka lagun txiki bat ondoan daramana beti. Ikusten al duzue?

Ipuin honen haritik, eskulan bat ere proposatzen dizuegu: Ameliaren suziria sortzea, putz eginez zerurantz bidaliko duzuena. Hemen topatuko duzue.

Amelia neskatoa aurretik ezagutzen dugu, ordea: Irrimola album ilustratuan ezagutu genuen. Irrimola poza emozioa oinarri hartuta sorturiko album ilustratu biribila da, Maite Mutuberriak sortua hura ere. Biribila, poza ere biribila delako, barruan daramagun zurrunbiloa bezala.

Ipuin hartan zortzi lagun dira protagonista, tartean Amelia (eta hainbat animalia txiki), denak alai eta bihurri, nork bere zaletasun eta poz-iturriarekin: ura, musika, mozorroak, jolasak… eta izozkiak! Eta gauza biribil asko; biribilak poza bezala, eta liburua bera bezala: puxikak, uztaiak, pilotak, burbuiak, izozkiak, aterkia…

Irrimola KUKU! emozio-programaren barnean sorturiko album ilustratua da. Hari buruz gehiago jakiteko, jo Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeko webgunera.

129 zenbakia

Espazioa

iRRiA 129 - ESPAZIOA

Azken komikiak

Scroll to Top