Entzun ipuina
Testua: Joseba Sarrionandia
Marrazkiak: Irrimarra
Ahotsa: Judith Huegun
Letraz letra Joseba Sarrionandiak eta Irrimarrak IRRIA aldizkarirako idatzi eta ilustratutako ipuina da. Berriz ere Idoia neskatoa da protagonista, eta oraingoan letrez hitz egiten digu, letren garrantziaz hitzak sortzeko, istorioak kontatzeko… Interesgarria da autoreak egiten duen gogoeta:
Inork idatzitakoa inork irakurtzen duenean bakarrik bizi dira letrak. Nik idatzitakoa zeuk irakurtzen duzun momentuan baizik ez da bizi.
Jolas bat ere proposatzen dio irakurleari: ezabatu diren alfabetoaren letrak osatzea.
Ornitorrinko bat du lagun, hain justu izen luze eta bitxia duen animalia, ahoskatzen zaila haur askorentzako, seguruenik; animalia ezin aproposagoa, beraz, letren inguruko hausnarketarako.
Ornitorrinkoaren irudiari erreparatzen badiogu, bitxikeria batetaz ohartuko gara: lehenengo bi orrialdeetan, ornitorrinkoa panpin kolpatu eta erdi hautsi bat da, neskatoaren solasaldiaren lekuko isila; amaieran, berriz, neska pozik ageri denean, animaliaren izena letraz letra osatzea lortu duelako, ornitorrinkoa bizi ikusten dugu, pozez zoratzen hura ere. Pozak bizia eman balio bezala.
Joseba Sarrionandia eta Irrimarra bikotearen ipuin hauetako ilustrazioek aipamen berezia behar dute. Izan ere ez dira marrazki soilak, koloretako oihal eta hariz ehundutako irudiak dira; arkatz eta pintzelen ordez, artaziak eta jostorratza darabiltza ilustratzaileak. Behatzak gainetik pasa eta hari eta oihalen testura sentitu behar dugula iruditzen zaigu.
Ipuin honetako protagonista Tristura album ilustratuan ezagutu genuen lehen aldiz, Joseba Sarrionandiak idatzi eta Irrimarrak ilustratua hura ere. Tristura, izenburuak dioen bezala, tristura lantzeko album ilustratua da, KUKU! emozio-programaren barnean. Hari buruz gehiago jakiteko, jo Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeko webgunera.