Oinak lurrean pil-pilean tristura lantzeko sortutako horma-irudia da, KUKU! emozio-programaren barnean, eta IRRIA aldizkarirako egokitu egin dugu, gure irakurle txikiek emozioen mundura bidaiatu dezaten.

Adituen oinarri teoriko eta pedagokikoetatik abiatuta, Gorka Aranburu ilustratzaileak eszena handi bat irudikatzen du marrazki eta collage ederren bidez. Oinarrian, emozio jakin bat lantzeko sortua bada ere, tristura, beste hainbat emozio ere topatu ahalko ditugu.

Irudiei begira, bakarka nahiz taldean edo helduekin, haurrak luzaz gozatuko du egoerei begira, pertsonaiak topatuz, istorioak deskubrituz eta asmatuz… Pertsonaia horietan antzeman daitezkeen emozioetan jarri dezakegu arreta, horien inguruan hausnartuz: nor dago triste?, nor haserre?, zergatik ote dago horrela?, zer gertatu da?, nola sentituko zinateke zu egoera horretan?…

Horma-irudiaren harira, bilaketa-jolas bat proposatzen dugu, bai eta arnasketa-ariketa bat, haserreak eta tristurak eragindako ezinegona baretzen laguntzeko.

TRISTURA eta HASERREA oinarrizko bi emozio dira; emozio desatseginak biak. Gure egunerokoan maiz sentitzen ditugu bata zein bestea, eta behar-beharrezkoak ere ditugu; izan ere, emozio guztiek dute funtzio bat.

Desatseginak izanik, tristurak eta haserreak eragin zuzena dute gure gorputzean: arnasketa, bihotz-taupadak eta tenperatura desorekatzen dituzte, aldartea aldarazten digute, eta modu batera edo bestera jokatzera bultzatzen gaituzte.

Halakoetarako, oreka topatzen lagunduko dizuen arnasketa-ariketa erraz bat proposatzen dizuegu!

4-7-8 arnasketa-teknika

  • Hartu tartetxo bat inguru eta giro lasai batean.
  • Jarri eskuak sabel gainean, eta hartu arnasa 4 segundoz.
  • Eutsi arnasari 7 segundoz.
  • Bota airea pixkanaka-pixkanaka, 8 segundoz.

Hori eginez, gure arnasketan jarriko dugu kontzientzia, “hemen eta orain”.

Lehen egunetan, ariketa errazte aldera, denborak alda daitezke, eta hurrengo saiotan egokituz joan.

Horma-irudiak zertarako?

Gisa honetako horma-irudiak baliabide jostagarri eta ikusgarri ezin hobeak dira, hainbat arlo lantzeko etxeko txikienekin.

  • Ahozko hizkuntza lantzeko.
  • Pentsamendua garatzeko, bakoitzaren erritmoa, interesa… kontuan hartuz.
  • Komunikazio-gaitasuna lantzeko.
  • Elkarrizketa bultzatzeko.
  • Besteen ikuspegiak errespetuz eta arretaz entzuteko.
  • Imajinazioa eta sormena sustatzeko.
  • Memoria lantzeko.
  • Arrazoitze logikoa egiteko.
  • Ideiak ordenatzeko, iragartzeko, eta hipotesiak egiteko.
  • Era bateko eta besteko egoeretako emozioetan erreparatzeko, identifikatzeko, hitzetan jartzeko…
  • Protagonisten aurpegi-adierazleei erreparatzeko.
  • Enpatia garatzeko.

Oinak lurrean pil-pilean horma-irudiari buruz eta KUKU! emozio-programari buruz gehiago jakin nahi baduzu, jo Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeko webgunera.

124 zenbakia

Zenbakiak

iRRiA 124 - ZENBAKIAK

Azken komikiak

Scroll to Top