Plasta-plasta, parrasta! nazka emozioa lantzeko sortutako horma-irudia da, KUKU! emozio-programaren barnean, eta IRRIA aldizkarirako egokitu egin dugu, gure irakurle txikiek emozioen mundura bidaiatu dezaten.

Adituen oinarri teoriko eta pedagokikoetatik abiatuta, Lotura Films-eko ilustratzaileek hondartzako eszena handi bat irudikatzen dute. Nagusiki emozio jakin bat lantzeko sortua bada ere, nazka, beste hainbat emozio ere topatu ahalko ditugu.

Irudiei begira, bakarka nahiz taldean edo helduen laguntzarekin, haurrak luzaz gozatuko du egoerei begira, pertsonaiak topatuz, istorioak deskubrituz eta asmatuz… Pertsonaia horietan antzeman daitezkeen emozioetan jarri dezakegu arreta, horien inguruan hausnartuz: zer gertatzen ote zaio hondartzan dagoen jendeari?, zerk ematen die nazka? (ur zikinak, algak, euliak, usain txarrak, eguzkiko kremak, hareak, zaratak, zaborrak…), jende guztia berdin al dago?, nola adierazten dute beren nazka?…

Horri guztiari erreparatzeaz gainera, bilaketa-jolas bat proposatzen dugu: nazka aurpegia duten pertsonaia batzuk bilatzea.

Amaitzeko, bere buruari begiratzera gonbidatzen zaio haurrari; nolakoa den bere aurpegia zerbaitek nazka eragiten dionean, horma-irudiko hondartza horretan zerk ematen dion berari nazka…

Nazka oinarrizko sei emozioetako bat da. Maiz bigarren mailako emoziotzat hartu izan bada ere, emozio garrantzitsua da gizakion biziraupenerako. Nazkak lotura zuzena du zentzumenekin, bereziki ikusmenarekin, usaimenarekin eta dastamenarekin. Zapore edo usain txarra duten, toxikoak diren, ustelduta edota kutsatuta dauden elikagai edo inguruneak identifikatzeko eta bizirauteko giltzarria da.

Plasti-plasta parrasta! horma-irudiari buruz eta KUKU! emozio-programari buruz gehiago jakin nahi baduzu, jo Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeko webgunera.

126 zenbakia

Uda

iRRiA 126 - UDA

Azken komikiak

Scroll to Top