IRRIAren 129. zenbakian, espazioan zehar bidaiatu dugu istorio eta jolasen bitartez. Maite Mutuberriaren “Ilargi zapore” istorioan, Amelia neskatoa Ilargirantz abiatzen da suziri batean. Istorio horren haritik, eskulan bat proposatzen dizuegu: suziri bat sortzea, putz eginez zerurantz bidaliko duzuena. Tira, gutxi gora behera.
Zer beharko duzu?
- Suziriaren txantiloiak. Batetik, suziriaren bi aldeak, eta, bestetik, lastotxoa sartzeko balioko dizun lauki zuzena (behean jaitsi ditzakezu).
- Lastotxo bat
- Margoak
- Guraizeak
- Kola
- Zinta itsasgarria
Nola egin?
1. Margotu suziriaren bi aldeak eta moztu.
2. Moztu lauki zuzena, biribildu tutu bat eginez eta jarri zinta itsasgarria. Arkatz baten hobeto biribilduko duzu. Amaitzeko, tolestu tutua markatuta dagoen muturretik, eta jarri zinta itsasgarria.
3. Eman kola tutuaren bi aldetan, eta itsatsi bi suziri zatien barrualdean.
4. Sartu lastotxoa paper-tutuan (ez bultzatu barru-barruraino, hobe lasaia utzi) eta egin putz. Suziria airean gora botako duzu! Saiatu behin eta berriro, indar handiz putz eginez, ea lortzen duzun Ilargiraino bidaltzea!